Zezenketen inguruko aurkezpen bat egin dugu taldekideok Google Docs erabilita eta tresna honek dituen abantailez eta desabantailez jabetzeko balio izan digu. Hona hemen aurkezpena:

Zezenketen inguruko aurkezpen bat egin dugu taldekideok Google Docs erabilita eta tresna honek dituen abantailez eta desabantailez jabetzeko balio izan digu. Hona hemen aurkezpena:

Archivado bajo Sin categoría
Sustatu 2001. urtean sortu zen Slashdot, Barrapunto eta beste hainbat plataformetan oinarrituta. Orain dela bederatzi urte Internetekiko fobia zabalduta zegoen eta jendeak muzin egiten zion. Horri aurre egiteko bihurtu zen guztion erreferentziazko albistegi Sustatu eta oraindik ere ondo dabil Codesyntax eta Goiena enpresek kudeatzen duten blog hau.
Mota guztietako albisteak aurki daitezke bertan: interneteko kontuak eta folkloreak, hizkuntza eta batez ere euskararekin lotutako albisteak, teknologiaren ingurukoak, eguneroko albisteak… Gainera, batzuetan oraindik paperean agertu gabeko berriak ere argitaratzen dituztela azaldu du Luistxo Fernándezek. Hori izan da gehien harritu nauena, albisteen freskotasuna. Izan ere, egunean eguneko berriak argitaratzen dira. Hala ere, hedabide edo kazetaritza terminoak ez ditu gustuko Sustatuko editoreak eta blog soil bat bezala etiketatzen du bere burua. Sustatu blog kolektiboa da, sailkatze hierarkikorik gabeko komunikazio saio bitxi bat.
Tarteka bisitatzen dut atari hau eta bere helburuak ondo betetzen dituela uste dut. Diseinu argia du eta erabiltzeko oso erraza da. Bestalde, blogaren orrialde printzipalean, albisteen titularra eta albistearen zati bat soilik ageri dira eta aldamenean, guztia irakurtzeko aukera ematen du. Horrela, informazioa ez da neketsua egiten eta gustuko duzuna aukeratzeko erraztasuna ematen du. Komentarioen txokoa ere nahiko arrakastatsua da web atari honetan. Bejondeiela sustatuko langileei.
Archivado bajo Sin categoría
Richter eskalan 7 graduraino iritsi zen lur mugimenduak hondakin artean lurperatua utzi zuen Haiti. Hondamendia «historikoa» izan zela aitortu zuen Nazio Batuen Erakundeak, eta hildakoak 200.000tik gora izan zitezkeela jakinarazi zuten bertako agintariek. Hala ere, gauzak nola zeuden ikusita, ia ziurra zen biktimen kopuru zehatza ez zela inoiz jakiterik izango. Izurriteak saihesteko gorpuak aurkitu ahala ari baitziren hilobiratzen, hobi komunetan.
Buruzagitzarik ez duen herrialde batez ari gara hizketan. Haitik ez du gobernu egiturarik, ezta politikorik ere eta ondorioz, ez zegoen nora zuzendu erreskate lanak burutzeko. Laguntza banatzeko arazo handiak egon ziren; elikagaiak tonaka heltzen ziren aireportura, arazoa ordea, haiek banatzeko baliabide falta zen. Janari asko bidaltzen zen arren, ez zen nahikoa, kontuan izanda kaltetuak hiru milioi inguru izan zitezkeela. Ondorioz, herritarren artean etsipena zabaldu ahala, lapurretak eta erasoak ere ugarituz joan ziren. Uhartean nahasmena zen nagusi eta gainera Gerardo Ducos ikertzaileak ohartarazi zuenez, «Emakumeak eta haurrak babesgabe daude, eta haien eskubideak urratzeko baldintza egokiak sortu dira; bortxaketak eta sexu gehiegikeriak eman daitezke». NBEko idazkarien arabera, Haitin «kaosa» zuten. Jendea goseak eta egarriak zegoen bitartean, erreplikek ere ez baitzuten etenik eta horrek herritarren artean psikosia berriro zabaltzea eragin zuen.
Azkenik, aipagarria da gertaerak izandako informazio maila altua, denbora gutxian izan baikenuen Haitin gertatutako lurrikararen berri. Informazio hori, Twitter eta Facebook bezalako sare sozialei zor diegu. Hauek, irudiak ikusteko aukera azkarra eskaintzen dute eta gertatutakoaren datu zehatzak bizkortasun osoz zabaltzea ahalbidetu zuten. Hedabide moduan jokatu dute oraingo honetan, telebista kateek uhartera joateko aukerarik ez zutelako izan. Hori dela eta, etorkizunean gertatzen den edozein hondamendiren informazioa modu azkarrean transmititzeko metodo eraginkorrak izango direlakoan nago.
Argazkia: Flickr.com / Egilea: Lui G. Marín / Data: 2010-1-18
Archivado bajo Sin categoría
Internet sortu den bezala ernarazi dira sarearen txoko ezkutuak aurkitzen dituztenak ere. Hacker delakoak mirariak egin ditzakete antza, baina kalte izugarriak egitera iritsi daitezke. Horregatik, pasahitz egokiak erabiltzea da gakoa, gakoaren gakoa. Nire kasuan, bi pasahitz erabiltzen ditut. Sarbiderako giltza hau eskatzen duten zerbitzu mordoa dago eta bakarra erabiltzea oso arriskutsua iruditzen zait, bakar hori asmatuz gero, kontu guztietan sartu daitezkeelako. Ezin dizkiegu gauzak horren errez ipini. Beraz, hemendik aurrera gako gehiago erabiltzen saiatuko naiz. Baina nola oroitu denez? Ikus-entzunezko komunikazioko lehenengo urtean egin berri ditugun kontu pilarekin, ezinezkoa da denak gogoan edukitzea. Memoria altxorra dela diote, eta ez alperrik. Gako asko baditugu, nonbait idatzi eta leku ezkutu batean ondo gordeta edukitzea litzateke egokiena. Bestetik, ez ditut pasahitz sinpleak erabiltzen, ez bainaiz “0000” gakoen aldekoa. Letrak eta zenbakiak nahasten ditut, baina badut pasahitz bat zeina datu pertsonal batean oinarrituta dagoen. Horregatik, hemendik aurrera besteentzat asmatzeko zaila den pasahitza erabiliko dut, informazio pertsonalarekin lotuta ez dagoena behinik behin. Pasahitz asmaezinik ez dago, baino onena aukeratu behar dugu. Ez gara artista egingo, ea nork onena asmatu, baina ezinbestekoa da zuretzat gogoratzeko erraza den eta besteek inoiz imajinatuko ez luketen gakoa asmatzea.
Archivado bajo Sin categoría
Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak komunikaldiak antolatu ditu aurten ere, Telebista interneten lelopean. Mundu akademikoa eta profesionala harremanetan jartzea izan da helburua eta hori lantzeko hainbat hizlari izan ditugu: Ruben Sanchez, Gonzalo Martin, Philip Dominguez, Iban aranzabal, Jexux Mari Irazu eta Iñako Gurrutxaga. Puri-purian dagoen gaia da eta esperientziak eta informazioa partekatuz, gerora zer datorkigun ikusteko balio izan dit gaurko saio honek.
Adituek azaldu digutenez, Internet da medio guztien bilgunea. Komunikabide guztiak batzen ditu eta Interneten sorrera dela medio, komunikabide independenteek ez dute zentzurik. Honekin batera, audientzia aipatzen zuten. Hau da, lehen telebistan bi kate bakarrik zeudenean, denek hori ikusten zuten. Egun aldiz, ikusleak nahi duena ikusteko aukera du nahi duenean, eskaintza izugarri zabala delako. Gonzalo Martinen hitzetan “Sin audiencia no hay nada”. Hau da, inork ez bazaitu ikusten, inork ez du izango zure existentziaren berri. Horregatik, deigarriak izatea ezinbestekoa da, lehia geroz eta handiagoa delako. Iñako Gurrutxagak garrantzia handia eman dio euskarazko edukien eskuragarritasunari. Euskaraz gutxi dagoenez, dagoen apur hori lau haizetara zabaltzea aholkatu digu.
Jardunaldi hauetatik ateratako zalantza nagusia zera izan da, ea benetan atera al litekeen etekinik interneten aurrera eramaten diren proiektu txikietatik. Izan ere, oraindik arautu gabe dago eta Ruben Sanchezek negozio eredua ez dagoela finkatuta jakitera eman digu. Ondorioz, langile kontsideratu al daitezke bideoak interneten zintzilikatzen dituztenak?
Proiektu berri bati ekitea zaila da, oztopo asko daude baina horiek gainditzea da arrakastarako bidea. Jada ez da nahikoa ikasketak izatearekin, ezinbestekoa da sormena izatea. Horretaz gain, garrantzitsuena edukia kalitatezkoa izatea eta medio guztietara zabaltzea dela diote. Hala ere, dudarik ez dago kalitate eskaseko bideo batek izugarrizko arrakasta izan dezakeela. Katuaren bideoak esate baterako, youtube plataforman zintzilikatu zenetik bisita asko jaso baititu. Eta horrelako kasuak, mila.
Garrantzitsuena beraz entretenitzea da, horrela lortuko duzu jendeak zure bideoa ikustea. Produktu berriak egitea bultzatu digute, momentu hauxe dela esanez. Edukiak besteengandik bereizi, inork inoiz egin ez duen edukia sortu. Egin dezakezula pentsatu, gai zarela eta behin hori sinetsita, aurrera. Ausartu. Ekin gogor lanari!
Archivado bajo Sin categoría
Egunkaria sutondoko sofan besaulkian irakurtzea gustuko dut, suaren epeltasunean, baina hala ere sarean irakurtzen dut munduan zer jazo den. Teknologia berriak erabiltzen ditut eta erabiltzen jarraituko dut. Teknologia berrien aldekoa naiz, gustuko baitut aparailu berri bat erosi eta argibideen liburuxka alde batera utzi eta aplikazio berrien saltsan ibiltzea.
Ordenagailuari traste zahar deitzen dion eta erantzungailu automatikoarekin hitz egiten duenaren biloba naiz. Alaba ere izan ninteke, baina garapenak garapen, ziberkultura baten barnean bizi naiz dagoeneko. Teknologiak izugarrizko aurrerapausoak eman ditu, denbora gutxian gainera. Aurrerapausoak, onerako eta txarrerako. Ba al dago ba alde txarrik ez duen zer edo zer?
Internetek erabilera anitz izan ditzake. Alde izugarri onak izanda ere, honi egiten zaion erabileraren menpe dago. Hau da, jakin egin behar dugu hauek ondo erabiltzen, alderantziz, kalte handiak egin daitezkeelako. Pribatu dena publiko bihurtzeko tresna erraza da Interneta, morboa duten edukiak lau haizeetara zabaltzeko, jendeari min emateko eta beste hainbat ekintzetarako. Hori dela eta, gauzak egin aurretik bi aldiz pentsatu beharra dago eta horrek ekar ditzakeen ondorioetan hausnartu. Teknologia berriak kontuz erabili behar dira, buruarekin eta zentzudun jokatuz, kalte handiak egin daitezkeelako.
Azken finean, gakoa oreka lortzea da.
Archivado bajo Sin categoría